Epaimahaia
EMAKUME BATEK EGINDAKO LAN ONENA
Ana Barrena Lertxundi
Zinema eta ikasle-mugimendua. Berlinen zuzenbidea ikasten ari zela, SoulKino proiektua sortu zuen (2016). Doan lagatako zinema-areto bat artisten eta nazioarteko politikaren arteko elkargune bihurtu zen. Gaur egun, unibertsitateko bizitza eta zinema uztartzen jarraitzen du, teorian eta praktikan. La noche americana (2020) idatzi zuen María Meira gidoilari argentinarrak eta Cervantes Institutuak antolatutako Usina del Guión breve programarako. Beste ideia batzuk ere baditu gauzatzeko prest. ECCHR (European Center for Constitutional and Human Rights) erakundeko eta The Left Berlin aldizkariko kolaboratzailea da. Feminista da.
Ana Erostarbe Madrazo
Kazetaria. Komunikazio estrategikoan egiten du lan, Linking Ideas enpresan; horren bazkide sortzailea da. Poesiarekin eta argazkilaritzarekin batera, zinema da haren zaletasun nagusietako bat. Doce Miradas kolektiboaren bultzatzailea da (2018ko Euskal Kazetaritza Saria). Emakumeek arlo publikoan duten agerikotasunari buruz eta, batez ere, arteen munduan duten proiekzioari buruz idazten du kolektibo horren argitalpenetan. Gipuzkoako Lankidetza Mahaiko kidea da.
Maite Sagasti Goicoechea
Historian eta Kultura Ondarean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, eta Ondare Historiko Artistikoan masterduna Salamancako Unibertsitatean. 2006az geroztik, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean egiten du lan, giza eskubideei, nazioarteko ekintza humanitarioari, migrazioari eta europar ikasketei lotutako nazioarteko masterrak koordinatzen.
GIZA ESKUBIDEAK
Yayone Altuna Charterina
Abokatua da, eta, 2009az geroztik, bere bulegoa du. Zigor-zuzenbidean, familia-zuzenbidean eta atzerritarrei buruzko zuzenbidean jarduten du bereziki. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordeko diputatua da. Horrez gain, batzordekidea da Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko (BAEOko) Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Batzordean, Abokatu Gazteen Espainiar Konfederazioko (CEAJko) Abokatutza Behatokian (Giza Eskubideen eta Atzerritarrei buruzko azpibatzordeetan) eta Bizkaiko Abokatu Gazteen Elkartean. Deustuko Unibertsitatearen eta Bizkaiko AEOren Abokatutzaren Jarduerarako Unibertsitate Masterreko irakaslea da. Lanbidea eta hirugarren sektoreko lana uztartzen ditu, gizarte-eraldaketaren eta komunitate-indartzearen aldeko proiektuetan jarduten baitu toki-mailako gizarte- eta hezkuntza-programen bidez.
Jasone Sertutxa Gorostiza
Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna. Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionarioa da 1989az geroztik, eta gizarte-testuinguruan jardun du beti lanean, Gizarte Ekintza eta Turismo departamentuetan. 2021eko apirilaren 9az geroztik, Berdintasuna, Lankidetza eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusian ari da. Lanetik kanpo, hainbat ikastaro egin ditu arlo hauen inguruan: familia-psikoterapia, bitartekaritza eta gatazken konponbidea, eta adimen emozionala.
Gustavo de la Orden Bosch
Zuzenbidean lizentziaduna, giza eskubideetan espezializatua. Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuan egiten du lan ikertzaile laguntzaile, Deustuko Unibertsitatean. Doktoretza ere egiten ari da bertan, gai honen inguruan: Asilo-eskubidea Europar Batasuneko migrazio irregularraren kriminalizazioaren aurrean. Migratzaile eta errefuxiatuen eskubideak babestea helburu duten gobernuz kanpoko erakunde batzuetan hartu du parte. Gaur egun, Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundean dabil.
KULTURARTEKOTASUNA
Leticia Anido Azcarreta
Santanderreko Udaleko teknikari kontularia. UNEDeko Soziologia Graduko eta Santanderreko Contigo Tres Teatro antzerki-eskolako ikaslea da. La llave azul zinema-elkarteko zuzendaritza-batzordeko kide eta altxorzaina ere bada. Gidoilaria eta zuzendaritza-laguntzailea izan da Kantabrian egindako film labur batzuetan, eta film horietako batzuk sarituak izan dira Pielagoseko Zinema Jaialdian. La vorágine / Cultura Crítica (liburutegia) kolektiboko bazkidea eta boluntarioa da. Atsegin ditu zinema, literatura, musika eta antzerkia, eta kultura-jardueren inguruan nahasita ibiltzen da beti. Gogoko du pertsonak eta erakundeak konektatzea eta elkarlanean jartzea.
Iratxe Ciriza Ereño
Biologian doktorea da, eta, doktoretza egiten zuen bitartean, ikerketa zientifikoan jardun zuen lanean zenbait lurraldetan. Setem eta antzeko GKE-ekin lotuta ibili da beti aktibista gisa. Deustuko Unibertsitatean Ekintza Humanitarioko Masterra egin eta gero, Acción Contra el Hambre GKEan aritu zen lanean, Parisen. Konprometitua eta aktibista izan da betidanik. Amnistia Internazionala (AI) GKEko bazkidea da 2009az geroztik. Bilboko AIko kanpaina-taldeko aktibista da, eta babesaren, migrazioaren eta sexu-indarkeriaren inguruko taldeak antolatutako ekintzen koordinazioan hartu du parte. Lurraldeko beste erakunde batzuekin ere aritu da elkarlanean, giza eskubideak babesteko ekintzak koordinatzen, gero eta kalteberatasun handiagoko testuinguru batean.
Ekain Larrinaga Muguruza
Bilboko Udaleko Lankidetza eta Bizikidetza Saileko immigrazio-teknikaria da 2019az geroztik. 2004 eta 2019 bitartean, lanpostu bera izan zuen Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko Departamentuan. Zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, eta Migrazioan, Babesean eta Komunitate Harremanetan masterduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Kulturarteko bitartekaria ere bada, Madrilgo Kulturarteko Bitartekaritza Eskolan (EMSI) ikasita. Aktiboki hartzen du parte RECI (Kulturarteko Hirien Espainiar Sarea, Europako Kontseiluaren Intercultural Cities programarekin lotua) eta ZAS! (Zurrumurruen Aurkako Sarea-Red Vasca antiRumores) erakundeetan.
IRAUNKORTASUNA
Izaskun Astondoa Sarria
Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziaduna, eta Kudeaketa Aurreratuan masterduna Deustuko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzan ekin zion lanbide-bizitzari. Urte haietan, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistako altxorzaina zen, eta Ekuatore Gineara bidaiatzeko aukera izan zuen batzuetan. Enpresa pribatuaren arloan jardun zuen denboraldi batez: kudeaketa-postuak bete zituen, enpresa-elkarteetako lehendakaria izan zen, Europako normalizazio-batzordeetan hartu zuen parte aktiboki, eta prestakuntza eman zuen hainbat forotan. 2020an, eszedentzia hartu eta eLankidetzara itzuli zen. Jasangarritasunarekin eta GJHekin sentsibilizaturik dago, eta zinemaren «zale porrokatutzat» jotzen du bere burua, pertsonengana iristen diren errealitateak azaltzeko tresna egokia delakoan.
Nerea Atutxa Francisco
Historian graduduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Boluntario gisa aritu da Memoria Historikoa berreskuratzeko hainbat proiektutan. Nazioarteko Lankidetzako HEGOA Institutuaren eta EHUren Globalizazio eta Garapen Masterra ikasi zuen. Giza Garapen Jasangarriaren Dimentsioetan aipamenduna. Egungo gizarte-arazoekiko konpromisoa du. Zinemazalea eta mendizalea da astialdian.
Jorge García Ruiz
Euskadiko Mugarik Gabeko Ekonomialariak GKEko kolaboratzailea, Negozioen Kudeaketan graduduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nazioarteko harremanetan masterduna da. Nazioarteko merkataritzaren arloan egin du lan. Zinemazalea da eta kultura-gaiei lotuta egon da beti.
GENERO EKITATEA
Alaitz Arenzana Letamendi
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna. Proiektu artistikoen diseinua eta garapena eta dokumentalen eta ikuskizunen sorrera eta errealizazioa konbinatzen ditu. Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoetako Nazioarteko Jaialdiko zuzendaritza-batzordeko kidea da, baita Zinebi-Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko hautapen-batzordekoa ere. Halaber, Sra. Polaroiska kolektiboko kidea da. Kolektibo horren obrak hainbat jaialdi eta arte-zentrotan egon dira ikusgai. Hona hemen batzuk: CA2M, Montehermoso, Madrilgo Arte Ederren Zirkulua, BilbaoArte, Lovainako Stuk Kulturcentrum, Stockholmeko Cervantes Institutua, Manchester, Guggenheim Bilbao Museoa eta abar.
Silvia De Gregorio Etxebarria
Zuzenbideko lizentzia atera zuen Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan. Gerora, Madrilgo Abokatuen Elkargoko Higiezinen Zuzenbideko Masterra egin ondoren, abokatu-lanetan aritu zen 6 urtez. 2001ean eta 2002an Hegoaren Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Masterra egin ondoren eta pixkanaka garapenaren alorreko generoan espezializatuz joan ondoren, zenbait GGKE-etan egin zuen lan, eta lankidetzako generoaren esparruan sakontzeko aukera izan zuen, hala egoitzetan nola Erdialdeko Amerikan, batez ere Mundubat GGKEaren eskutik. Gaur egun, eta 2006az geroztik, generoaren alorreko teknikari arduraduna da Euskadiko GGKE-en koordinakundean.
Felipe Gómez Isa
Nazioarteko Zuzenbideko eta Giza Eskubideetako irakaslea da Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuan. Memoria historikoari eta justizia transakzionalari lotutako gaietan egin du lan, baita herri indigenen eskubideei lotutakoetan ere. Gaur egun, Nazioarteko Harremanetako dekanordea da Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean.
EUSKARAZ EGINDAKO LANIK ONENA
Ainhoa Etxebarria Gómez
Ondarroan jaiotako aktore eta aurkezle euskalduna da. Kazetaritza eta antzerki ikasketak burutu ondoren irratian, antzerkian eta telebistan egin du lan. Gaztea irratiko "Gu" saioan esatari lanak egin zituen , etb1en Dantzango! saioko epailea izan zen, etb2n El conquis saioko debatian lanean aritu da, Arriaga Antzokian Obabakoak antzezlanean ikusteko aukera izan dugu eta Pabellón 6n ere ibilia da besteak beste.
Lur Mallea Otsoa de Txintxetru
Denetarik egin du komunikazioaren alorrean. Irratian hasi zen, teknikari eta esatari moduan. Irrati txikietan hasieran eta handiagoetan gero. Musika, kultura, gizarte gaiak eta politika albisteak jorratu ditu. Prentsan ere ibili da. Lehenik, kolaborazioak egiten feminismoarekin loturiko hedabide baten eta, gero, tokiko euskarazko aldizkarietan, batik bat koordinatzaile lanetan, baina oro har zeregin askotan. Eta, egun, telebistan egiten du lan, erredakzioan, bideoak zatitzen eta lotzen, politika munduko gaurkotasuna jarraitzen. Lanorduetatik kanpo, oso gustuko du ikus-entzunezkoen mundua eta batik bat istorio txiki eta xumeak handi egiteko duen gaitasun zirraragarria.
Xabier Paya Ruiz
Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziatura lortu zuen urte berean eskuratu zuen Pianoko Ikasketa Ertainen ziurtagiria. Graduondoko eta bestelako ikasketa ugari ditu, baina kasu zehatz honetarako, aipatzekoak dira EIKEN eta EITBk antolatutako “Gidoi faktoria” formazio programa, edo SGAEk antolatuta Michel Gaztambidek edo Patxo Telleriak emandako gidoigintza ikastaroak.
Gidoilari gisa esperientzia du telebistan, antzerkian, zein literaturan. Hainbat argitalpen ditu itzultzaile edo idazle gisa. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza proiektuaren zuzendari kulturala izan zen. Gaur egun Getxoko Kultur Etxeko zuzendari kudeatzailea da.
IKUSEZINA EXPRESS
Estefanía Jiménez Iglesias
Irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea. Audientziak, Iritzi Publikoa eta haurtzaroaren eta IKTen arteko erlazioa izan dira jorratu dituen ikerketa-ildo nagusiak. Argitalpen askotan—akademikoetan zein dibulgaziokoetan—, aldizkarietan eta Interneten erabileraren, aukeren eta arriskuen inguruko txostenetan hartu du parte. Arriskuen pertzepzioari, ziberjazarpenari eta gehiegizko erabilpenari buruz egin dituen lanak estatuko eta nazioarteko biltzar eta foroetan aurkeztu dira. Sei urte daramatza ikerkuntzan eta EU Kids Online.
Beatriz Zabalondo Loidi
Irakasle da EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean. Doktore da Komunikazioan, euskal ikus-entzunezkoen itzulpengintzaren inguruko tesia defenditu ostean. Unibertsitatean sartu baino lehen, euskal hedabideetan aritua da lanean: ETBrako (Duplex, Kilker dema, Martin, Goenkale…) eta prentsan (Euskaldunon Egunkaria, Berria). Berria Taldeko Administrazio Kontseiluko presidentea da 2013ko ekainetik. Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kulturaren arloko zuzendaria da egun.
Imanol Telleria Herrera
Soziologian lizentziaduna eta Zientzia Politikoetako doktorea da UPV/EHUn, eta Politika eta Administrazio Zientzietako irakaslea UPV/EHUn bertan. Halaber, Parte Hartuz izeneko demokrazia parte-hartzaileari buruzko ikerketa-taldeko kidea da. Bere ikerketa-jarduera hiriko gizarte-mugimenduek hiriaren eraldaketan betetzen duten zereginaren eta herritarren toki-eremuko parte-hartzeari lotutako esperientzien inguruan garatzen du. Halaber, Komite Internazionalistak-eko militantea izan da, baita nazioarteko elkartasuneko brigaden koordinatzailea ere Chiapasen, Iraken eta Bolivian, besteak beste.